Nafarrak hiru aldiz igo ziren podiumera ospa handiko Marxa Bereteko 39. edizioan. Nahiz eta kondizio klimatologikoak gogorrak izan, 850 eskiatzailek parte hartu zuten, berrogeita hamar inguru Uharte, Irrintzi eta Erronkari Pirinioak taldeetako kirolariak izanda.
42 kilometroko proba nagusian Xabier Macias Uharte Skiko eskiatzaileak hirugarren posizio txalogarria lortu zuen, soilik Sadurni Betriu distantzia honetako espezialista kataluniarraren eta Diego Ruiz eskiatzaile olinpikoaren atzean. Maciasen marka 2 ordu eta 12 minutukoa izan zen, bigarren posiziotik 15 segundo eskasera.
Emakumezkoen lehiaketan ere nafarrak podiumera igo ziren. Alegia, Cynthia Martinez Irrintzi Ski taldekidea hirugarrena izan zen Marta Cester kataluniarra eta Marielle Bigot frantsesaren atzean. 30. kilometrora arte Martínez bigarren zihoan arren, Bigoten azken esfortzua gogotsuagoa izan zen.
Beheko kategorietako eskiatzaile gazteek 21 kilometro eta 10 kilometroko probak lehiatu zituzten. Azken honetan, azpimarratzekoa da Irati Cuadradoren hirugarren postua. Junior kategoriako Irrintzi Skiko burlatarra Maria Selles kataluniarra eta Jessica Mur aragoiarraren atzean iritsi zen.
Sprint Salomon
Urtero bezala lehiatu zen proba ikusgarri eta txundigarri hau, hurrengo eguneko distantzia luzeko lasterketa berotzen hasteko asmoz. Lehiaketa honetan ere, Xabier Macias eta Irati Cuadrado hirugarren posizioak lortu zituzten asteburu bikaina borobilduz.