Joan zen asteburuan eskiatzaile nafarrek denboraldiko lehendabiziko proba izan zuten Tuixen La Vansan (Katalunia) non Espainiako Kopa estreinatu zen. Irrintzi Ski eta Uharte taldeetako kirolariak aritu ziren han eta 4 domina ekarri zituzten.
Absolutu kategorian, Xabi Macias (Uharte) bigarren izan zen 10 kilometroko lasterketan. Lucas Marcen txapeldun aragoiarra baino berrogeita zazpi segundo geroago sartu zen eta hirugarren posizioan, Pol Makuri katalana.
Emakumezko junior kategorian, Irati Cuadrado (Irrintzi) podiumera igo zen hirugarren posizioan, Andorrako Ona Fernandori baino zazpi segundo gehiago kostatu zitzaion nafarrari. Val d´Araneko Maria Iglesiasek proba menperatu zuen eta Espainiako selekzioko kidea podiumeko tokirik altunera igo zen.
Lander Martin gizonezko juniorren lasterketako bigarrena izan zen. Irrintzi Ski taldeko kideak lan handia egin zuen Martin Morales katalana bere atzean uzteko. Jaume Pueyo Espainiako Selekzioko eskiatzailea izan zen irabazlea. Proba honetaz gain, orain duela gutxi Europako Kopako lehiaketa batean ere garaipena lortu zuen.
Azkenik, Bernardo Garciandia bigarren ere izan zen Master kategorian. Uharte taldeko eskiatzailea bi katalanaren artean iritsi zen. Irabazlea Sergi Caballero izan zen, eta hirugarrena, Roger Roca.
Kadete eta haur kategorian ere Nafarroa ordezkatuta egon arren, gure kirolariek ez zuten zorte handirik izan denboraldiaren estreinaldi honetan.
Elur eskas izanda, hasiera zaila da eta gure eskiatzaileek Kataluniara joan behar dute entrenatzeko. Hemendik aurrera, urtarrilaren 26an eta 27an Larra-Belaguan izango den Hegoaldeko Euskal Herriko txapelketa prestatuko dute.