Marc Narciso Dublan Donibane Kirol Elkarteko fitxaketa izarra izan da denboraldi honetan. Maisu Handia da eta Nafarroako Xake Federakundean xake eskolak ematen ditu. Bi aldiz izan da adin guztietako Kataluniako xake txapelduna (1995. eta 2011. urteetan).
Juan Labiano Hernandez gazte nafarrak berdinketa egitea lortu zuen bere aurrean bigarren txandan. Baita hirugarren sailkatutako Enrique Tejedor Fuente espainiarrak ere zortzigarren txandan. Gainontzeko arerio guztiak, ordea, menperatu zituen: Andres Malon Insausti (1.854), Aitor Martinez Bernardo (1.920), Mikel Huerga Leache (2.448), Ivan Andres Gonzalez (2.323), Lelys Stanley Martinez Duany (2.517), Jose Rafael Gascon Del Nogal (2.471) eta Javier Habans Aguerrea (1.999). Txapelketa oso bikaina, beraz.
Lelys Stanley Martinez Duany kubatarra zen ranking-eko lehenengoa. Bigarren amaitu zuen. Marc Narcisoren aurka galtzeaz gain, azkeneko bi txandetan Unai Garbisurekin eta Enrique Tejedor Fuenterekin berdindu zuen. Berdinketa horiek bigarren postua ziurtatu zioten.
Enrique Tejedor Fuente espainiarra geratu zen hirugarren. Lehenengo biekin berdindu zuen azkeneko bi txandetan eta laugarrenean Jose Rafael Gascon Del Nogal venezuelarrarekin galdu zuen. Ederki menperatu zituen gainontzekoak.
Mikel Huerga Leache izan zen lehenengo nafarra, seigarren tokian. Ustekabean, Juan Labiano Hernandez izan zen bigarren nafarra (zazpigarren), Unai Garbisu eta Mikel Ortegaren aurretik.
Javier Habans Aguerrea ere bikain aritu zen. Sei puntuz, hamabigarren geratu zen.
Luis David Jimenez Almeidak, ordea, ez zituen igurikapenak bete. 5’5 puntuz, 21. postuan gelditu zen. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Pablo Urriza Iricibar oraingo Nafarroako txapeldunari, 5 puntuz eta 24. tokian bukatu baitzuen.
Daniel Martinez Roldan tuterarra izan zen gazte mailako onena eta emakume xakelari onena Leyre Abrisqueta Zudaire, Marta Roldan eta Ainhoa Ortin tuterarren aurretik.
AZKENEKO SAILKAPENA
1) Marc Narciso Dublan (Herrialde Katalanak) (2.486) – 8 puntu.
2) Lelys Stanley Martinez Duany (Kuba) (2.517) – 7 puntu.
3) Enrique Tejedor Fuente (Espainia) (2.429) – 7 puntu.
4) Ilmars Starostits (Letonia) (2.450) – 7 puntu.
5) Jose Rafael Gascon Del Nogal (Venezuela) (2.471) – 6,5 puntu.
6) Mikel Huerga Leache (Nafarroa, Euskal Herria) (2.448) – 6,5 puntu.
7) Juan Labiano Hernandez (Nafarroa, Euskal Herria) (2.053) – 6,5 puntu.
8) Unai Garbisu De Goñi (Nafarroa, Euskal Herria) (2.434) – 6,5 puntu.
9) Mikel Ortega Lopez (Nafarroa, Euskal Herria) (2.256) – 6,5 puntu.
10) Roberto Cifuentes Parada (Txile) (2.445) – 6 puntu.
Sailkapen osoa kontsulta daiteke erantsitako dokumentuan