AJEDREZ Hace 6 años

Mikel Huerga Leache, garaile hirugarren aldiz

Mikel Huerga Leache, garaile hirugarren aldiz

Argazkian ezkerretik eskuinera, Pablo Urriza Iricibar txapeldunordea, Mikel Huerga Leache txapelduna, Marc Narciso Dublan hirugarren sailkatua eta Ainhoa Ortin Blanco Emakumezkoen Nafarroako txapelduna eta 18 urtez azpiko Nafarroako txapelduna.

 

Mikel Huerga Leache iruindarrak 29 urte ditu. Hirugarren aldiz irabazi du Nafarroako Xake Txapelketa. Bosgarren postuan jarri da palmaresean. 

 

2018ko Euskadiko xake txapelduna da, bai erritmo klasikoan, bai tximista xakean. Irabazitako sariak asko dira bere xake ibilbidean. Antsoaingo Xake Klubean dago orain.

 

Bigarren zerrendaburua zen, baina onena zela erakutsi zuen. Izan zituen aurkariak ez dira edonor Nafarroan: Esteban Garraza Obaldia (1.803), Adrian Aldave Aguado (1.945), Aitor Huarte Zozaya (2.031), Pablo Urriza Iricibar (2.301), Marc Narciso Dublan (2.491), Ainhoa Ortin Blanco (1.861) eta Javier Sevilla Subiza (2.087). Marc Narciso Dublan faborito nagusiarekin berdindu zuen eta azkeneko partidan arriskatu gabeko berdinketa egin zuen Javier Sevillaren aurka, baina gainontzeko partidak irabazi zituen. 2,80 puntu soilik irabazi zuen eloan, baina txapelketako garaipena izan zuen lehentasun azkeneko txandan.

 

Nafarroan bizi den Marc Narciso katalanak Marta Roldanekin berdinketa eginez hasi zen eta horrek baldintzatu zuen bere jarduna. Zenbait partidatan sufritu zuen. Mikel Huergarekin garaipena behar zuen, baina partida nahiko trabatuta izan zen, peoien blokeoan, eta puntua banatu zuten. Azkeneko txandara aukera gutxirekin iritsi zen. Gehiegi arriskatu zuen Pablo Urrizaren aurka eta porrota jasan zuen, Orvinako jokalariak tenple handiz jokatu zuelako, izutu gabe. Eloko 8,60 puntu galdu zituen.

 

Hain zuzen ere, partida horretan lortu zuen Pablo Urrizak bigarren postua. Lehenengo partidak jokatu gabe irabazita eta Mikel Huergarekin galduta eta Aitor Huarterekin berdinduta, txapelketa grisa zeraman. Azken momentuan konpondu zuen, Marta Roldan eta Marc Narciso garaituta. Eloko lau puntu irabazi zituen.

 

Adrian Aldave Aguado eta Ainhoa Ortin Blanco izan ziren beste jokalari nabarmenak. Donibane Kirol Elkarteko Adrian Aldave laugarren geratu zen, ranking-eko hamargarrena izanik. 5 puntu lortuta, eloan 30,80 puntuko aurrerakada izan zuen. Ainhoa Ortinek ere 5 puntu egin zituen eta bosgarren sailkatu zen. Emakumezkoen Nafarroako txapeldunaren titulua irabazi zuen. Baita 18 urtez azpiko Nafarroako titulua ere. 53,60 puntu irabazi zituen elorako, bere azken boladako joerari norabide positiboan eraginda.

 

Eloa irabazi zuten jokalarien artean hauexek ditugu: Adrian Oroz Carrasco (65,60), Haymar Leone Amigot (59,20), Marta Roldan Marques (46,80), Martin Pascual Garcia (45,60), Iñigo Ayucar Nuñez (44), Andres Malon Insausti (39,60), Ines Abrisqueta Zudaire (28), Alejandro Fuentes Guinot (23,20), Axel Roviralta Montero (15,80) eta Sergio Iturralde Olcoz (12,60).

 

Beste jokalari batzuek txapelketaz oroitzapen txarra izanen dute, elo puxka bat utzi zutelako: Carlos Rodriguez Montes (17), Isidro Diaz Redondo (20,80), Jesus Martinez Zazo (23), Alfonso Cemborain Oricain (24,60), Leyre Abrisqueta Zudaire (30), Javier Habans Aguerrea (36), Aimer Del Carmen Hernandez (46,80) eta batez ere Jose Zaratiegui Cardesa (80,60).

 

Informazio gehiago erantsitako dokumentuan

📄 Documentos relacionados