AJEDREZ Hace 6 años

Javier Lizuain, garaile Eguberriko VIII. Txapelketan

Javier Lizuain, garaile Eguberriko VIII. Txapelketan

JAVIER LIZUAIN TONI GARAILE DISTIRATSUA ETA CAMILO LOTERO KOLONBIARRAREN PORROTA

 

Argazkian, lehenengo hiru sailkatuak: Haymar Leone Amigot (hirugarren), Javier Lizuain Toni (lehenengo) eta Martin Pascual Garcia (bigarren).

 

Camilo Lotero 32 urteko kolonbiarra (Mikel Gureako fitxaketa berria) zen faborito nagusia, 2.114 puntuko eloa kontuan edukita. Nafarroako belaunaldi berriaren aurka porrot egin zuen, ordea, Javier Lizuain eta Haymar Leoneren aurka galduta. Beste partidetako estuasunak aintzat hartuta, ez zen bere torneoa izan (46 puntutan gutxitu zuen bere eloa).

 

Javier Lizuain Toni laugarren zerrendaburua zen, eloko 1.895 puntuz. Donibane Kirol Elkartekoa da eta 18 urte ditu. Bost partida jokatu zituen eta bostak irabazi (Haymar Leone hirugarren sailkatua eta Camilo Lotero lehenengo zerrendaburua garaitu zituen). Atsedena hartzeagatik puntu erdia galdu zuen. 51,20 puntutan hobetu zuen eloa.

 

Martin Pascual Garcia Oberenako 15 urteko jokalariak ere txapelketa ederra egin zuen. Julen Perez Azanzaren aurka berdindu zuen lehenengo partidan eta zama hori arrastaka eraman zuen. 5,5 puntuz, bigarren geratu zen, eloko 28,40 puntu irabazita.

 

Haymar Leone Amigot Orvinako 12 urteko jokalariak osatu zuen podiuma, 5 puntuz. Garailearen aurka galdu zuen, baina azken txandan Camilo Lotero faborito nagusia garaituta hirugarren postura iritsi zen. 64,40 puntutan goratu zuen eloa.

 

Sailkapeneko hurrengo jokalariak ere fin ibili ziren: Gregorio Sola, Miguel Argaya, Jose Antonio Apesteguia eta Rafael Ruiz Escobar. Torneo motz batek ez du hutsik txikiena ere barkatzen eta horrexegatik zertxobait atzerago geratu ziren.

 

Paula Iribas Garayoa (hamalaugarrena, 4 puntuz) izan zen lehenengo neska. 12 urtez azpiko lehenengoa Gonzalo Martino Girones izan zen (hemezortzigarren, 3,5 puntuz). Biak dira Oberena taldekoak.

 

Torneoak iaz baino 15 jokalari gutxiago izan zuen. Iaz 30 jokalari gehiago izan ziren aurreko urtean baino, ordea. Badirudi sari potoloek kopuruan eragina dutela (iaz sari hobeak izan ziren).

 

Informazio gehiago erantsitako dokumentuan.

📄 Documentos relacionados