AJEDREZ Hace 5 años

Ainhoa Ortin, garaile Emakumezkoen Euskadiko Xake Txapelketan

Ainhoa Ortin, garaile Emakumezkoen Euskadiko Xake Txapelketan

AINHOA ORTIN NAGUSITU ZITZAIEN LEYRE ABRISQUETA ETA CECILIA PEREZ SODUPERI

 

Ez da Iran, aro honetako argazkia baizik. Parte hartzaileak, koronabirusaren garaian. Laugarrena, Ainhoa Ortin Blanco, txapelduna; bosgarrena, Leyre Abrisqueta Zudaire, txapeldunordea; seigarrena, Ines Abrisqueta Zudaire, bederatzigarren sailkatu zena; zazpigarrena, Cecilia Perez Sodupe, hirugarren sailkatua.

 

Ainhoa Ortin Blanco tuterarra eta Leyre eta Ines Abrisqueta Zudaire iruindarrak ziren ordezkari nafarrak txapelketa honetan.

 

Ez zuen bere eguna izan Ines Abrisqueta Zudairek. Bigarren izan zen iaz eta aurten azkena geratu da.

 

Beste bi nafarrek, ordea, txapelketa menderatu zuten eta lehenengo bi postuetan amaitu zuten, puntuz berdinduta. Ainhoa Ortinek bigarren txandan Leyre Abrisquetari irabazi zionez, titulua berak eskuratu zuen.

 

Leyre Abrisquetak 15 urte eginen ditu aurten (dagoeneko bete ez baditu), Iruñeko Oberena taldean jokatzen du eta une honetan FIDE eloko 91 puntu gehiago ditu Ainhoa Ortinek baino. Honek 19 urte beteko ditu aurten (edo bete ditu), Tuterako Santa Ana taldekoa da eta esperientzia gehiago du.

 

Ainhoa Ortin tuterarrak oso ongi hasi zuen txapelketa eta lehenengo bost partida irabazi zituen. Tartean, Leyre Abrisqueta eta Cecilia Perez Sodupe gainditu zituen. Txapelketa ongi bideratua zuen. Ustekabean hurrengo partida galdu zuen, Jugatx Larrakoetxea bizkaitarraren aurka. Tentsioa mantendu behar izan zuen bukaeraraino. Mencia Montes eta Haizea Tornay garaituta, adin guztietako emakumeen Euskadiko bere lehenengo titulua lortu zuen.

 

Leyre Abrisquetak bigarren txandan galdu zuen Ainhoa Ortinen aurka. Alferrik ibili zen gero puntuak pilatzen. Sailkapenean harrapatu zuen baina bere atzetik sailkatu zen. Azken aurreko partida bigarren postua ziurtatu zuen, Cecilia Perez Soduperi irabazita. Honek lehenengo bi sailkatuekin galdu zuen eta hirugarren postuan amaitu zuen.

 

Azkeneko bi tituluak nafarrek lortu dituzte (Leyre Abrisqueta eta Ainhoa Ortin izan dira azkeneko txapeldunak). Beraz, emakumeen artean ere hasi dira nafarrak nabarmentzen Euskadiko Txapelketetan.


Informazio gehiago erantsitako dokumentuan

📄 Documentos relacionados