MIKEL OCHOAK BERE BURUARI JARRITAKO ERRONKA GAINDITU ZUEN
Orvinako Mikel Ochoa Aldazek bere agendan markatuta zuen torneo hau. Aspalditik zuen begiz jota, bertako palmaresean sartzeko. Eta lortu egin du. Merezimendu osoz.
Goizean landu zuen bere garaipena. Orduan izan zituen partidarik gogorrenak. Arratsaldean, aurkirik deserosoenak kenduta, errazagoa izan zuen bidea. Beraz, nagusitasuna erakutsi zuen.
Izerdia bota behar izan zuen lehenengo txandan Arranoko Zigor Jasoren aurka, biana bere lehenengo puntua eskuratu zuen. Jarraian, Oberenako Ekain Galarza gaztea egokitu zitzaion: Aurkari zaila eta torneoan bere arerio nagusia bihurtuko zena. Partida hau irabazi zuen eta orduan ez zekien hori giltzarria izanen zenik. Adolfo Ruiz Anton, klubeko kidea, izan zuen bidean geroago. Oso ongi ezagutzen dute elkar baina, antza denez, Mikel Ochoa zertxobait gainetik dago: Hirugarren puntua eskuratu zuen.
Mariano De Pablos beteranoa izan zuen gero aurrean. Berak baino elo gehiago duena, ia 100 puntu gehiago. Hala ere, Mikel Ochoak irabazi zuen: Laugarren puntua. Berriozarko Unai Ruiz egokitu zitzaion goiza amaitzeko. Berdinketa egin zuten. Ez zen harrigarria izan, Unai Ruiz gero eta indartsuago baitabil torneoetan.
Arratsaldean, Daniel Lizarraga, Andres Sempere eta Mikel Castellano izan zituen aurrean, teorian jokalari errazagoak direnak. Horietatik indartsuena Andres Sempere da eta berdinketa atera zion Mikel Ochoari. Hala ere, 8tik 7 punturekin nahikoa izan zuen Mikel Ochoak azkenean torneo hau bereganatzeko. Bazuen gogoa eta nahia eta ahala berdindu egin ziren.
Ekain Galarzak ere torneo azpimarragarria egin zuen. Mikel Ochoaren aurka izan ezik, partida guztiak irabazi zituen. Hori bai, aurkari samurragoak izan zituen. Dena den, bigarren geratzerik ez dago zerbait garrantzitsua egin gabe. Horrela, azkeneko bi txandetan Unai Ruiz eta Mariano De Pablos gainditu zituen. Garaipen horiek ona egiten dute bigarren postua.
Unai Ruiz Echeverria hirugarren geratu zen. Torneoa irabaztetik oso hurbil egon zen. Azkenaurreko txanda hasi aurretik Mikel Ochoarekin puntuz berdinduta zegoen. Mikel Ochoak berdinketa egin zuen orduan Andres Sempereren aurka, baina berak galdu zuen Ekain Galarzaren aurrean. Porrot horrek eta Mikel Ochoarekin egindako berdinketak eraman zuten hirugarren postura.
Sakanako Cesar Razkinek torneo ona egin zuen, laugarren geratuta. Aldiz, Mariano De Pablosek eta Aimar Yereguik espero baino gutxiago egin zuten.
Sailkapen osoa eta torneo honi buruzko informazio gehiago erantsitako dokumentuetan aurkituko duzu.