AJEDREZ Hace 4 años

Ruiz eta Otano, beterano onenak

Ruiz eta Otano, beterano onenak

JOSEBA OTANOK USTEKABEA EMAN ZUEN

Miguel Argaya Urdaniz zen faborito nagusia, baina, lan arazoak tarteko, Txapelketa utzi zuen partida bat bera ere jokatu gabe. Hori hala izanik, Mariano De Pablos lekukoa hartzeko prest zegoen. Juan Sanciñena eta Joseba Otano ere faboritoen taldean agertzen ziren baina koxka bat beherago. Juan Sanciñena Arpide zen aurreko txapelduna, Nafarroako Banakako Txapelketaren baitan lortutako tituluari esker.

Joseba Otano ustekabean nagusitu zen. Diego Lopez Morata gainditu zuen lehenengo txandan. Bigarrenean Juan Sanciñenarekin ozta-ozta berdindu zuen. Jose Maria Diez Simoni irabazi zion hirugarren txandan. Laugarren partida erabakigarria izan zen, Mariano De Pablos garaitu zuelako. Azkeneko txandan Javier Aldeari nagusitu zitzaion, titulurako borrokan.

Juan Sanciñenak ere aukera zuen, aldeko emaitzak izanez gero. Ez zen hori gertatu eta, gainera, galdu zuen Mariano De Pablosen aurka. Horrela, bigarren postua bereganatu zuen De Pablosek eta Sanciñena 3. tokian geratu zen. 20,20 puntuz igo egin zen eloko zerrendan.

Mariano De Pablosek lehenengo txandan berdindu zuen Miguel Adrian Abaden aurka. Laugarrenean joan zitzaion trofea, liderraren auka galduta. Gehiago espero zen berarengandik, baina behintzat bigarren postua eskuratu zuen azkeneko partidan Juan Sanciñena gaindituta. Azken honentzat izan zen hirugarren postua.

Javier Aldea Subiranek laugarren postuan amaitu zuen. Postu ona, hamargarren zerrendaburua zelako.

Joseba Otanok 60 urte ditu eta Federazioak antolatutako txapelketetan bigarren titulua du hau, Udaberri Txapelketa 2016an irabazi baitzuen. Arrano Elkartean jokatzen du.

 

RUIZ ESCOBAR ETA PEDRO VIÑALEN ARTEKO ENEGARREN LEHIA, LEHENENGOAREN ALDE

Berriz ere Rafael Ruiz Escobar eta Pedro Viñal Gutierrezen arteko lehia bizi izan genuen, dagoeneko oso klasikoa bihurtuta. Saltsa gehiago jartzeko polemika faltarik ez zen izan. Burlatako Mikel Deunakoa da lehenengoa eta Oberenakoa bigarrena.

Txapelketak beste izen ospetsu batzuk izan zituen: Jesus Maria Gonzalez Pabollet, Santiago Alfonso Abrego eta Jesus Martinez Zazo. Baita ospe txikiagoko Miguel Donazar Garayoa eta Diego Moral Barragan ere. Felipe Martin Marin ahaztu gabe, azken titulua lortu zuena. Hala ere, honek txapelketa utzi zuen lehenengo txanda jokatu eta gero, pandemiarengatik kezkatuta. Azpimarratzekoa da Senorina Alcantara Ugarteren parte hartzea. Beteranoen Txapelketan lehenengo aldiz emakume bat. 10. sailkatuta ere emakume superbeterano txapelduna bihurtu zen Mikel Gureako emakumea. Dena den, aurrekari garrantzitsua jarri zuen.

Lehenengo bi txandetan faborito nagusiek ez zuten hutsik egin. Rafael Ruiz Escobarrek Diego Moral eta Santiago Alfonso Abrego garaitu zituen. Pedro Viñalek Felipe Martinekin eta Jesus Martinez Zazorekin beste hainbeste egin zuen.

Hirugarren txandan aurrez aurre izan ziren eta emaitza berdinketa izan zen.

Laugarren txandan Rafael Ruiz Escobarrek abantaila hartu zuen, Miguel Donazar gaindituta. Pedro Viñalek berdinketa besterik ez zuen eskuratu Jesus Maria Gonzalez Pabolleten aurka.

Bosgarren txandan, Diego Moral, Jesus Martinez Zazo eta Jesus Maria Gonzalez Pabollet ziren hautagaiak podiuma osatzeko. Gonzalez Pabolletek, gainera, matematikoki txapelketa irabazteko aukera zuen, baina aldeko emaitzen konbinazio batekin.

Pedro Viñalek lortu zuen Diego Morali irabaztea. Jesus Martinez Zazok Miguel Donazar gainditu zuen. Eta zer gertatu zen Rafael Ruiz Escobar – Jesus Maria Gonzalez Pabollet neurketa ezin klasikoagoan? Ba, ez zela jokatu. Antza denez, Pabollet gaixorik jarri zen eta hala jakinarazi zion antolakuntzari. Horrek eman zion hirugarren postua Jesus Martinez Zazori baina txapeldun izateko azken aukera kendu zion Pedro Viñali. Gertatutakoak hainbat interpretazio izan zituen, baina egia dena da goiz-goizean Gonzalez Pabolletek jakinarazi zuela sendagilearenga joana zela. Gainontzekoak espekulazioak dira.

Erantsitako dokumentuan, informazio gehiago aurkituko duzu.

📸 Más imágenes

📄 Documentos relacionados