AJEDREZ Hace 4 años

Habans, nafar onena Nafarroako II. Torneo Itxian

Habans, nafar onena Nafarroako II. Torneo Itxian

BI NORMA BANATU ZIREN ETA JAVIER HABANS IZAN ZEN JOKALARI NAFARRIK ONENA

 

Nafarroako xakelariak sustatzeko torneoa zen. Aukeratuak: Javier Habans (2.330), Pablo Urriza Iricibar (2.312), Juan Labiano Hernandez (2.231) eta Daniel Pinto Holguin (Mikel Gureako boliviarra, 2.211). Azken hau Nafarroara iritsi berria da, baina norma lortzeko hainbat estatukoek parte hartzea beharrezkoa denez, oso aproposa torneorako.

 

Faborito nagusia Claudio Javier Minzer argentinarra zen (2.435). Hala ere, eloko puntu alde gutxira Miguel Muñoz Pantoja perutarra (2.424), Alex Garrido Outon espainiarra (2.411) eta Julio Javier Alonso Bouza kubatarra (2.396) zeuden. Haietako edonork irabaz zezakeen torneoa. Egia erran, sailkapena aurreikustea ez zen erraza, elo gehien eta gutxien zuten jokalarien artean 224 puntu besterik ez zeuden. Oso torneo irekia zen. Faborito nagusia bosgarren geratu zen. Horrek erakusten du ze nolako berdintasuna zegoen jokalarien artean.

 

Alex Garrido Outon espainiarra izan zen irabazlea. Oso torneo ona egin zuen. Lehenengo bost partidak irabazi zituen eta gero errentari eutsi zion. Hau da, azkeneko lau partidetan berdinketa egin zuen. Hala ere, erraz utzi zituen atzean gainerakoak. Bestaldetik, berdinketek dute beste azalpen bat: Azkeneko hiru lehiak elo gehien zuten bi jokalarien aurka eta torneoko bigarren sailkatuaren kontra izan ziren. Sari potoloa lortu zuen Alex Garridok: Bere hirugarren norma, eta, 2.400 puntu baino gehiago dituenez, automatikoki Nazioarteko Maisu bihurtu da.

 

Bigarren sailkatua Herrialde Katalanetako Andres Luque Saiz izan zen (zehatz-mehatz, Valentziako Elkargokoa). Ustekabea eman zuen, zortzigarren zerrendaburua baitzen, bere 2.260 punturekin. Honek ere norma atera zuen torneo honetan: Urrats bat Nazioarteko Maisua izateko (oraindik bidea geratzen zaio, hiru norma biltzeaz gain 91 puntu igo behar baititu eloan). Lau partida irabazi zuen eta bat galdu (Javier Habansen aurka, lehenengo txandan). Estropezu horrek torneoa irabaztetik urrun utzi zuen. Hala ere, bere erreakzioa indartsua izan zen eta azken aurreko partidan liderra estutzeko aukera izan zuen (berdinketa izan zen emaitza).

 

Miguel Muñoz Pantoja perutarra bigarren zerrendaburua zen eta postu horretara iritsi ez bazen ere, podiuma osatu zuen. 5,5 puntu atera zituen, lehenengoarengandik puntu eta erdira eta bigarrenarengandik puntu batera. Hiru partida irabazi zituen eta porrot bakarra izan zuen (torneoko garailearen aurka). Bosgarren txandan izan zen eta gerora ikusi da torneoa erabaki zuen partida izan zela.

 

Javier Habans zen nafarren artean elo gehien zuena, nahiz eta gazteena izan. Eta hobekien aritu zena ere izan zen. Gertu izan zuen norma, baina eskarmentu gehiago behar du horretarako. Azken aurreko partidan, tableroan puntu bat gutxiago edukita, berdinketa eskuan izan zuen eta gehiago nahi izateagatik galdu zuen. Matematikoki norma eskuratzeko aukerak ihes egin zion horren ondorioz. Gainera porrot horrek sailkapen on bat izatea galarazi zuen. Azkenean, 5 puntuz, seigarren postuan geratu zen. Norma lortzeko 6 puntu ziren beharrezko. Daniel Pintoren aurka galdu zuen partida hori eta Alex Garrido torneoko garailearen aurka ere bai. Hiru aldiz irabazi zuen torneo gogor honetan. Eloko 10,40 puntu irabazi zituen.

 

Daniel Pinto Holguin Mikel Gureako jokalaria zazpigarren sailkatu zen, 4 puntuz. 21,80 puntutan hobetu zuen bere eloa.

 

Sailkapen osoa eta informazio gehiago erantsitako dokumentuan aurkituko duzu.

📄 Documentos relacionados