MIKEL SANTOS USUA GARAILE, ADRIAN OROZ CARRASCO IA TORNEO OSOAN BURUAN IBILI ARREN
Martin Pascual Garcia eta Rafael Ruiz Escobar faborito nagusiek huts egin zuten, baina Nafarroako xakeko belaunaldi berriaren ordezkari gorenak diren jokalarien artean borroka handia ikusteko aukera izan zen. Mikel Gureako Adrian Oroz Carrasco ia torneo osoan ibili zen buruan, baina azkeneko txandan ozta-ozta Santa Anako Mikel Santos Usua nagusitu zen sailkapenean. Biek 6 puntu pilatuak zituzten ordurako, 7 partida jokatu ondoren.
Mikel Santos Usuak 14 urte bete zituen 2021ean. 1.780 puntu ditu eloan, baina etengabe igotzen ari da elo hori. 1.848an jarriko du orain, 68,40 puntu irabazi baititu txapelketa honetan. Garaipen honekin, kontuan hartzeko jokalaria dela erakutsi du. Hamargarren zerrendaburua zen.
Bigarren txandatik aurrera faboritoen artean sartu zen, Iñigo Lopez Garciari irabazi ondoren. Haymar Leone (beste faborito bat) gainditzeko gai izan zen hirugarren txandan. Alfonso Cemborain esperientzia handiko jokalariaren aurka berdindu zuen laugarren txandan. Bosgarren txandan bakarrik buruan zegoen Adrian Oroz Carrasco izan zuen aurrez aurre. Partida berdinketan amaitu zen. Azkeneko sprintean ez zuen hutsik egin (Txema Domench Perez eta Alejandro Fuentes Guinot garaitu zituen) eta horrek eman zion aukera Adrian Oroz puntutan harrapatu eta ezberdinketa sistemari esker torneoa eskuratzeko. Maila ona behar da halako jokalarien aurrean ongi ateratzeko. Etorkizuna badu.
Mikel Gureako 15 urteko Adrian Oroz Carrascok ez zuen zorterik izan. Txapelketa oso ona egin zuen, eloko 22 puntu irabazi zituen, seigarren zerrendaburu izanik beti ibili zen buruan (azkeneko partidara arte), Joseba Otano, Jon Goñi Sierro, Iñigo Ayucar eta Alfonso Cemboraini irabazteko gai izan zen, baina bosgarren eta seigarren txandetan egindako berdinketek oztopatu zioten titulua. Mikel Santos Usuarekin eta Alejandro Fuentes Guinot izan ziren orduan bere aurkariak. Patua ez zuen alde izan eta Mikel Santosen torneo ona ere ez.
Talde bereko Iker Fernandez Cobos geratu zen hirugarren. Behetik gora joan zen txapelketan, hirugarren txandan puntu erdia ematen duen atsedena hartu eta laugarrenean Alejandro Fuentes Guinoten aurrean galdu ondoren. Axel Roviralta eta Miguel Argaya jokalarien aurka lortutako garaipenak batez ere gogoratuko ditu. Eta irabazitako eloa ere bai (76,80 puntu). 15 urte ditu.
Jokalari beteranoak gazteen oldarraldiari eutsi ezinean ibili ziren: Pedro Viñal bosgarren zerrendaburuak eloko 19,40 puntu galdu zituen, Miguel Argaya laugarren zerrendaburuak 22,80, Axel Roviralta zortzigarren zerrendaburuak 37 eta Rafael Ruiz Escobar bigarren zerrendaburuak 41. Alfonso Cemborain izan zen salbatu zen bakarra, azkeneko momentura arte titulurako borrokan ibili zen (bosgarren amaitu zuen) eta eloko 16,80 puntu irabazi zituen.
Gazteen artean dena ez zen urre izan: Haymar Leonek 18,80 puntu galdu zituen eloan eta Ekain Galarzak 48,40. Aldiz, Alejandro Fuentes Guinotek 74,40 puntu irabazi zituen.
Sailkapen osoa eta informazio gehiago, erantstitako dokumentuan.