Euskal Liga martxan da eta erantsitako dokumentuan 5. jardunaldiko emaitzak, sailkapenak eta 6. txandari buruzko prebia ikusi ahalko dituzu.
Goazen talde nafarren emaitzak laburbiltzera.
OHOREZKO MAILA
Orvinaren atzerapausoa
Porrot garrantzitsua jaso zuen Orvinak eta bigarren postutik aldendu da. Martintxok 2.000 inguruko jokalariak ekarri zituen eta Orvinak ez zuen bere talderik onena atera. Ondorioa: 1-3 Martintxoren alde.
Gustavo Jimenez berriz taulan ikusteko aukera izan zen. Gainera, Orvinaren puntua lortu zuen, lehenengo mahaian Aritz Moranteren aurrean. Javier Cinza, Esteban Garraza eta Adolfo Ruiz Anton ez ziren faborito euren partidetan eta halakoxea izan zen emaitza: Hirurek galdu zuten.
Donibanek 0-4 irabazi zion Calasanzi, jokatu gabe. Abadiñok ere berdin, 4-0 Easori jokatu gabe. Larunbata aprobetxatu zuten atzeratutako partida jokatzeko: Abadiño – Donibane, lehenengo txandakoa. 2-2 izan zen emaitza. Abadiñok arazoak ditu talde lehiakorra osatzeko. Donibanek orain arte arazo horiek ez zituen erakutsiak, baina neurketa honetara elo gutxiko edo elorik gabeko jendea jarri behar izan zuen. Etxean jokatuta, harrigarriagoa izan zen. Ondorioa: Gabeziek baldintzatuta, baina gabezia horietan bi taldeak, berdindu egin zuten. Mariano De Pablosek bere lehenengo puntua eman zion Donibaneri, taldera batu zenetik. Javier Lizuainek galdu zuen esperientzia handiko Alain Prietoren aurka. Donibaneko Aritz Egozcuek galdu zuen hirugarren mahaian eta elorik gabeko Saul Antoñanzasek berdinketarako puntua eman zion Donibaneri laugarren mahaian. Bi taldeak sailkapeneko beheko aldean dabiltza.
Asteburu honetan, Orvinak lehenengo postuetara itzultzeko aukera izango du. Zornotzan irabazi beharko du tren hau hartzeko. Donibanek bere partez, 0-4ko garaipena ziurtatuta dauka Easoren kontrako partida jokatuko ez delako.
LEHENENGO MAILA - B MULTZOA
Mikel Gureak zaplaztekoa jaso zuen Urnietan
Talde nafarren paseoa zirudien multzo hau, baina errealitatearekin topo egiteko balio izan du txanda honek. Taldea zertxobait ahultzea nahikoa izan da porrot handia jasotzeko. Daniel Holguin, Aritz Mancha eta Angel Vilchez borrokatzeko moduan zeuden euren partidetan, baina hirurek galdu zuten. Daniel Aguinagak aukera gutxiago zuen eta halaxe gertatu zen: Galdu egin zuen. 4-0ko emaitza honek asko baldintzatuko du Mikel Gurearen ibilbidea txapelketa honetan.
Oberenak atsedena hartu zuen eta hirugarren postura igaro zen. Hala ere, oraindik badu igotzeko aukera.
Oso interesgarria dago multzo hau. Oberena – Zugzwang lehia ikusmin handikoa da. Berdinketa nahikoa izan daiteke Oberenarentzat. Garaipena, urrezkoa. Zugzwang-ek, ordea, hiru puntu behar ditu gutxienez lehenengo postua lortzeko aukeraren bat gorde nahi badu, hurrengo txandan atsedena hartuko baitu.
Mikel Gurea – Marlaxka norgehiagoka ere oso interesgarria da. Marlaxka ongi kokatu da sailkapenean. Mikel Gureak zaplasteko latza jaso du, baina ez dago guztiz jokoz kanpo. Oso estu jar daiteke sailkapena.