AJEDREZ Hace 4 años

Euskal Ligako 7. Jardunaldia

Euskal Ligako 7. Jardunaldia

Euskal Ligako azken txanpa badator eta ondorengo lerroen bidez gure ordezkarien aukerak birpasatuko ditugu. Emaitzak, sailkapenak eta datozen norgehiagokak erantsitako dokumentuan kontsulta ditzakezu.

OHOREZKO MAILA

Donibane podiumerako borrokan sartu da

Martintxok, Orvinak eta Conteneok huts egin zuten. Horrek eragin du Donibane eta Zornotza ere podiumerako borrokan sartzea. Bost talde borrokatuko dira podiumeko bigarren eta hirugarren kosketara iristeko (puntu baten bueltan daude, bi txanda falta direnean). Hala ere, denak ez daude egoera berean.

Donibanek 3-1 gainditu zuen Martintxo. Iruñeko taldeko Iñigo Martinezek berdindu zuen Aritz Morante Rafaelekin lehenengo mahaian. Baita talde bereko Miguel Argayak ere Hugo Pelegrinen aurka, hirugarren mahaian. Azken kasu honetan meritukoa izan zen berdinketa, besteak eloko 154 puntu gehiago baitzuen. Bigarren mahaian, Javier Lizuainek Martintxoko Rodrigo De las Heras gainditu zuen. Ustekabean, Donibane aldera joan zen neurketa laugarren mahaian 1.114ko Naroa Ericek Martintxoko Yaroslav Khoroshykh garaitu zuelako. 3-1, beraz, Iruñekoen alde. Hala ere, jokatutako azkeneko bi txandetan huts eginda ere, Martintxo da hobekien kokatuta dagoena bigarren postua lortzeko.

Orvinak 1,5-2,5 galdu zuen San Viatorren aurka. Emaitza honekin oso zaila du podiumean sartzea. Haymar Leonek irabazi zuen Iruñeko taldearentzat eta Orvinako Pablo Urrizak puntu erdia urratu zuen Igor Villaltaren aurka, baina Diego Gutierrezen garaipen bikainak eta Xoan Rodal Boneten puntuak gasteiztarren berpizkundea baieztatu zuten.

Podiumaren bila

Zornotza – Donibane neurketak bere interesa badu. Zornotza berriz sartu da podiumerako lehian baina ondo jokatu beharko du azken bi txandetan hori lortzeko. Donibaneren aukerak ez dira urriak, baina huts egiteko ia tarterik gabe dago.

Abadiño – Orvina lehiak interesa galdu du. 0-4 edo antzeko zerbait lortu beharko luke Orvinak borrokan sartuta segitzeko. Zaila. Azkeneko txandan Gros A izanen du zain.

 

LEHENENGO MAILA

Mikel Gurea eta Oberena ez jaisteko kanporaketak

Txapelketari ginga jartzea besterik ez zitzaion falta Marlaxkari eta erraz lortu zuen: 3,5-0,5 gainditu zuen Oberena. Beraz, datorren urtean Ohorezko Mailan jokatuko du. Talde nolabait ahula atera zuen Oberenak eta zuzeneko jaitsiera izan zuen gertu horren ondorioz. Oberenako Pedro Viñalek berdindu zuen Josu Tornayren aurka eta horrek salbatu zuen taldea, momentuz bederen. Marlaxkak ez zuen hutsik egin faborito zen partidetan: Patxi Morenok Aurelio Vilari irabazi zion, Ander Tafallek Andres Sempereri eta Goyo Uriartek Dani Odriozola Coscolini.

Norgehiagoka dramatikoa zuten Donostian Gros B-k eta Mikel Gureak. Azkenean burlatarrek lortu zuten garaipena (1,5-2,5) eta donostiarrak jaitsiko dira zuzenean lurraldeko txapelketara. Daniel Pinto Holguinek eta Angel Vilchezek puntu osoa lortu zuten eta Aritz Manchak puntu erdia. Groseko Markel Zuloagak garaipena erdietsi zuen, baina ez zen nahikoa izan haientzat.

📄 Documentos relacionados