AJEDREZ Hace 4 años

Euskal Ligako 9. Txanda

Euskal Ligako 9. Txanda

Azken txanda honetako emaitzak eta sailkapen finalak ikus ditzakezu erantsitako dokumentuan

OHOREZKO MAILA

DONIBANE ETA ORVINA PODIUMETIK KANPO

Zortzigarren txandan Zornotzak 3,5-0,5 irabazi zion Donibaneri. Hirugarren mahaian Aitor Zabala Ormaetxek irabazi zion Anuar Egozcue Sghirri. Emaitza hori argituta, Zornotzak nahiko puntu ditu hirugarren geratzeko.

Iruñean Orvinak eta Grosek indarrak neurtu zituzten. Ohi bezala, Grosek garaipen argia eskuratu zuen: 0,5-3,5. Orvinak itxurazko taldea atera zuen, baina txapeldunek ez dute barkatzen. Lehia interesgarria lehenengo mahaian, Nazioarteko bi Maisuen artean. Orvinako Unai Garbisuk eta Groseko Alejandro Francok berdinketa egin zuten. Gainontzeko mahaietan donostiarrek irabazi zuten: Santiago Gonzalez De la Torrek Pablo Urrizari, Jose Luis Muñoz Avilak Gonzalo Mombielari eta Nathaniel Capote Robaynak Unax Senosiaini. Garaipen honekin Grosek bere nagusitasuna berretsi du. 9,5 puntuko abantaila atera dio Martintxo bigarren sailkatuari. Orvina, ordea, oso atzean geratu da: Zortzigarren, jokatu duten taldeen artean azkena. Trantsizio garaian dagoela dirudi eta emaitzetan nabaritzen da. Hori bai, bigarren eta zortzigarrenaren artean 5 puntu besterik ez dago.

Donibanek 2,5-1,5 irabazi zion San Viatorri. Aurreko astean, Zornotzan, podiumean sartzeko aukera ia guztiak galdu zituen. Garaipen honekin bosgarren postua lortu du, bederen. Iñigo Martinezek eta Javier Lizuainek lortu zuten puntua Donibanerentzat eta Daniel Vara Del Bosquek San Viatorrentzat.

Txapelketaren ondorioak: Grosek nagusitasuna berreskuratu du (dagoeneko 13 titulu ditu eta Sestaok, ordea, 9); pandemiak taldeen hierarkia aldatu du; Sestao erraldoia, momentuz, desagertu da; Easo, Batalla, Endrokea eta denboraldi honetan bederen Calasanz ere desagertu dira; Orvina ahuldu da; Donibane ere bai, nahiz eta hobeto eutsi dion erronkari; talde berriak agertu dira Grosi itzala egiteko (momentuz urruti): Martintxo, Zornotza eta Conteneo; txapelketa nagusia da Euskal Herrian, jakina, baina kalitatea galdu du.

OHARRA.- Antza denez, Easo klub moduan desagertu da. Beraz, ez du Lehenengo Mailan jokatuko. Txapelketa antolatu den moduan antolatu ondoren, Calasanzek datorren urtean Lehenengo Mailan jokatuko duela pentsa daiteke. Hala ere, Ohorezko Mailan hasieratik erretiratu denez, ez dago erabat argi zer zigor dagokion: Lehenengo Mailara jaitsi edo Lurralde Txapelketara. Borroka juridikoa Arabako bi taldeen artean izanen da.

 

LEHENENGO MAILA

MIKEL GUREAK BERRIZ ERE SALBATU ZUEN BERE BURUA

Oberena helburua ia lortuta zuen eta taldea zertxobait ahuldu zuen txanda honetan. Ez zuen ordaindu. Jokalari onak ziren eta puntu eta erdia eskuratzeko gai izan ziren. Santurtzik hiru jokalari indartsu jarri zituen eta laugarrena elo gutxikoa. Hori (Denis Zubizarreta Landera) izan zen galdu zuena, Oberenako Gonzalo Martino Girones gaztearen aurka. 2.200eko Juan Carlos Fernandez Garciak Oberenako 2.067ko Aurelio Vila Duplaren aurka irabazi zuen. Santurtziko 2.014ko Jose Angel Besga Lopezek 1.969ko Martin Pascual Garcia garaitu zuen. Eneko Wu Martin eta Oberenako Javier Yaben Muñozen arteko partida berdinketan amaitu zen. 2,5-1,5 Santurtzirentzat. Oberena Fase honetako lehenengoa eta Santurtzi bigarrena. Biek erraz saihestu zuten jaitsiera.

Burlatan Mikel Gureako eta Egidazu/Landetxoko jokalariek bazekiten jaitsiera zutela jokoan. Easoren desagerketaren berri bazuten. Beraz, bazekiten talde batek mailari eutsiko ziola eta bestea jaitsiko zela (aldeko erabaki federatiboak tartean ez badaude, behintzat). Nafarrek garaipena behar zuten; gasteiztarrek berdinketa.

Sergio Anguasek bazekien zer zegoen jokoan. Hala ere, huts larri bat egin zuen eta pieza bat galdu. Hortik aurrera, partidari buelta ematerik ez zen izan. Arabarrek hartu zuten abantaila, Jorge Arce Balluercari esker. Dena den, beste hiru partidak ongi bideratuta zituzten burlatarrek. Irabazteko moduko partida izan zuen Iker Fernandez Cobosek baina Egidazuko Jose Antonio Landa Ceballosek zaldi bat emanda posizioa berdinketara eramatea lortu zuen. Alex Pedchenkok pieza bat hartua zuen eta ez zuen gero huts egin. Puntua atera zuen Aitor Arnal Iturgaitzen aurka. Bukatzeko azkena Mikel Gureako izar berria izan zen. Daniel Pinto Holguin piezak ongi kokatuak zituen eta puntu bateko abantaila. Francisco Javier Ladron de Guevara Galar gero eta posizio okerragoa hartzen joan zen eta galdu zuen. Egidazu da jaisteko hautagaia. Mikel Gurea, aurretik Gros B-ren aurka egin zuen bezala, atakatik atera zen.

OHARRA.- Easo desagertu denez, Mikel Gureak bere tokia beteko du. Beraz, ez da jaitsiko. Egidazu/Landetxo teorian jaitsi da, baina Calasanzek jasoko duen zigorraren zain dago. Ohorezko Mailan hasieratik erretiratutako taldea den Calasanzek jasanen duen zigorra Lehenengo Mailara jaistea bada, berak jokatuko du Lehenengo Mailan. Baina zigorra Lurralde Txapelketara jaistea baldin bada, Egidazu/Landetxo taldeak Lehenengo Mailan jokatuko du datorren urtean.

BIGARREN OHARRA.- Aurten Lehenengo Mailan 13 talde izan dira. Bost zuzenean jaitsi dira eta beste bi Ligaxka honetan (Easo eta Calasanz izan daitezke jaitsiko direnak, horien ordez). Lau talde igoko dira Lurralde Txapelketetatik (bat Arabatik, bat Bizkaitik, bat Gipuzkoatik eta bat Nafarroatik). Beraz, datorren urtean, lehengo denboraldietan bezala, 10 talde izanen dira Lehenengo Mailan.

📄 Documentos relacionados