AZKENEKO SAILKAPENA, 7 TXANDA JOKATU ONDOREN
1) Javier Lizuain Toni (2.043) – 6,5 puntu.
2) Javier Habans Aguerrea (2.344) – 6 puntu.
3) Haymar Leone Amigot (1.948) – 5,5 puntu.
4) Adrian Oroz Carrasco (1.977) – 5,5 puntu.
5) Camilo Lotero (2.145) – 5 puntu.
Sailkapen osoa eta informazio gehiago erantsitako dokumentuan aurkituko duzu
JAVIER LIZUAIN TONIK USTEKABEA EMAN ZUEN, JAVIER HABANS AGUERREA GAINDITUTA
Urte hasieran 13 urte zituen Javier Habans Aguerrea faborito nagusia zen txapelketa irabazteko. Bere eloa (2.344) nabarmen zegoen besteen gainetik (ia 200 puntuko aldea ranking-eko bigarrenarekiko). Oberenan jokatzen duen xakelari gazte hau oso txapelketa ona egiten ari zen, azkeneko partida iritsi arte. Jokalari hauei irabazi zien: Luca Salas Giralda, Pedro Viñal Gutierrez, Adrian Oroz Carrasco, Eihartze Buiza Prieto, Camilo Lotero eta Haymar Leone Amigot. Hala ere, huts egin zuen azkeneko partidan. Javier Lizuain Tonik irabazi zion eta, gainera, txapelketa bere aldera eraman zuen. Adin guztietarako txapelketetan Nafarroako bere lehenengo titulua da (banaka, bederen).
Javier Habansek gaitasun izugarria dauka xakerako. Bere adinerako duen eloak garbi adierazten du hori. Baina bere gorabeherak ditu eta batzuetan huts egiten du. Kasu honetan, txapelketa joan zitzaion partida horretan, aurkari zail sorta bat gainditu eta gero.
Javier Lizuain Tonik 6,5 puntu egin zituen. Beraz, merezimendu osoz txapeldun izan zen. Partida erabakigarria irabazi zion Javier Habansi. Bere buruarekiko konfidantza transmititzen du. Bosgarren zerrendaburua zen eta Javier Habansen aldean oro har aurkariak zertxobait samurragoak izan zituen: Olksii Hnatiuk, Iñaki Guardado Minchinela, Jon Goñi Sierro, Joaquin Ramos Dominguez, Haymar Leone Amigot, eta Eihartze Buiza Prieto. Haymar Leonerekin berdindu zuen eta gainontzekoei irabazi zien. Partida erabakigarrira iritsi zen horrela eta, gero, partida hori irabazi zuen Javier Habansen aurka. Donibane Kirol Elkartean jokatzen du eta 20 urte zituen urte hasieran.
Hirugarren postua Orvinako Haymar Leone Amigotentzat izan zen, 5,5 puntuz. Javier Lizuainekin berdindu zuen eta Javier Habansen aurka galdu. Gainontzeko partidak irabazi zituen. Urte hasieran 14 urte zituen.
Adrian Oroz Carrasco (5,5 puntuz) eta Camilo Lotero (5 puntuz) sailkatu ziren ondoren. Biak Mikel Gureakoak dira eta podiumetik oso gertu geratu ziren. 5 puntuz amaitu zuten Martin Pascual Garcia (aurreko txapelduna) eta Rafael Ruiz Escobar jokalariek ere. Martin Pascual Garciak partida azkarretan ongi moldatzen dela erakutsi zuen berriz, nahiz eta txapelketa honetan seigarren geratu. Rafael Ruiz Escobar superbeteranoak itzaltzen ez den sugarra erakutsi zuen berriro.
Goian egoteko faborito ziren beste batzuk apal ibili ziren. Adibidez, Joaquin Ramos Dominguez (bederatzigarren, 4,5 puntuz), Aritz Idiazabal Troyas (hamabigarren, 4,5 puntuz) eta Ainhoa Ortin Blanco (hamabosgarren, 4 puntuz).
46 jokalarik eman zuten izena eta 43k jokatu zuten. Iazko urtean (pandemia garaian) 40 izan ziren. Alde handirik ez. Post-pandemian gaudela errateko goiz da, hala ere.