AJEDREZ Hace 8 años

Mikel Gurea A garaile Arrano Elkarteko VI. Txapelketan

Mikel Gurea A garaile Arrano Elkarteko VI. Txapelketan

Gasteizko Martintxo taldeak sendotu zuen Euskal Zirkuituko bigarren postua torneo honetan, baina ezin izan zuen garaipena eskuratu. 10 puntu izan ziren zakuratu zituenak.

 

Burlatako Mikel Gurea A izan zen irabazle, talde on batekin: Pedro Forjan Jimenez, Angel Vilchez Gonzalez, Odei Lerendegi Lasa eta Alex Pedchenko. Horrela, bapatean, Euskal Zirkuituko goiko postuetan kokatu da.

 

Iruñeko Arrano Elkartearen egoitzan jokatu zen larunbat goizean, 5 minutuko partidetan. VI. Txapelketa hau izan da partaidetzan bere historiako hirugarrena (iaz 11 talderekin goia jo zuen). Torneoaren maila zertxobait jaitsi zen, Orvinako eta Oberenako jokalaririk onenak udako torneoak jokatzen ari zirelako. Orvinaren kasuan, parte hartzeko laguntza bilatu behar izan zuen, talde misto baten barruan babestuta.

 

Horrek guztiak torneoaren maila apaldu bazuen, Martintxo talde gasteiztarraren presentzia onerako izan zen. Kalitatea jarri zuen (Paz de Zigandako Adrian Leranozen laguntzarekin) eta mugarria ezarri zuen torneoan: Lehenengo aldiz, Nafarroatik kanpoko talde bat.

 

Nahiko orekatua izan zen borroka. Lehenengo lau taldeen artean hiru puntuko aldea besterik ez zen izan eta, azkeneko bi taldeak kenduta, 6 puntuko tartean bukatu zuten gainontzekoek.

 

Gainera, azkeneko txandara puntuz berdinduta iritsi ziren Martintxo eta Mikel Gurea A eta beraien arteko deman erabaki zen txapelketa: 3-1 burlatarren alde.

 

Palmaresean, Mikel Gurea Orvinatik gertu geratu da, garaipen batera, Oberena atzean utzita (honek garaipen bakarra dauka).

 

Txapelketak ez zuen aurrekontu handirik baina bai torneoaren erdian partaideei luntx txiki bat eskaintzeko adina. Beraz, zerekin gozatu izan zuten.

Argazkian: Alex Pedchenko, Angel Vilchez Gonzalez eta Ekain Velasco Lafuente. Hirurak dira Mikel Gureakoak. Lehenengo biek talde garailean jokatu zuten; Ekain talde mistoan aritu zen.

📄 Documentos relacionados