AJEDREZ Hace 8 años

Beteranoen eta Super Beteranoen Nafarroako Txapelketa

Beteranoen eta Super Beteranoen Nafarroako Txapelketa

Pedro Viñal eta Miguel Angel Hernandez onenak izan ziren lehia handiko txapelketa hauetan

 

Pedro Viñal Gutierrezek 65 urte ditu. Soriako Almaluez herrian jaio zen. 30 urte baino gehiago eginak ditu Nafarroan. Zaharrenen mailan izanik ere (65 urtez gorakoak), faborito nagusia zen.

 

Azkeneko sailkapenean ederki errespetatu zen ranking-a. Ranking-eko lehenengo bederatzietatik, Santiago Alfonso Abrego izan zen huts egin zuen bakarra (seigarrena zen). Gainontzekoek zintzo-zintzo sailkatu ziren ranking-aren arabera. 

 

Pedro Viñalek irabazi zuen, baina ez sufritu gabe. Larri ibili zen Miguel Angel Hernandez Barricarteren aurka. Larriago Rafael Ruiz Escobarren aurka (ia mirariz lortu zuen berdinketa). Azkeneko partidan hainbeste ez zuen sufritu, baina ez zen garaipen erraza izan Jesus Maria Gonzalez Pabolleten aurka lortutakoa.

 

Miguel Angel Hernandez Barricartek txapelketa ona egin zuen, oso sendo. Partida ikusgarri batean lortu zuen bigarren postua Rafael Ruiz Escobarren aurka. Aurretik, arazoetan jarri zuen Pedro Viñal, fruiturik gabe izan bazen ere. Azkenean, 50-65 urteen tartean txapeldun geratu zen.

 

Txapelketa hau Nafarroako Banakako Xake Txapelketatik bereizita jokatu da aurten eta horrela eusteko parte hartzea nahiko izan dela ematen du. Hurrengo eztabaida izanen da ordubeteko partidak izatea edo ordu eta erdikoak, partida askotan denbora erabakigarria izan zelako.

 

Ordua ere eztabaidagai izanen da. Arratsaldeko seietan jokatu zen lehenengo txanda, Araudian aurreikusi bezala (lan egiten zutenek atseden pixka bat hartzeko astia izan zezaten), baina bigarren txandatik aurrera arratsaldeko bostetan hasi ziren partidak. Arrazoia: Tuterako jokalariak itzulerako autobusa hartzeko aukera izatea. Aho batez hartu zen erabaki hori.

 

Oberena Xake Taldearen lokalean jokatu zen. Jokalariek ordu bat zuten partida osatzeko, gehi 30 segundo jokaldiko.


Informazio gehiago eta txapelketaren historia kontsulta daiteke atxikita dagoen dokumentuan

📄 Documentos relacionados