TXIMISTA XAKEKO EUSKADIKO BANAKAKO XXXIII. TXAPELKETA
Bergaran, Maiatzaren 13an
Mikel Huerga Leachek 28 urte ditu eta Antsoain Xake Klubean jokatzen du.
Mikel Huerga Leache nafarrak ez zuen titulu hau bere palmaresean. Orain badu, eta gainera errege bihurtu da Euskal Herriko xakean: Erritmo klasikoko xakean eta tximista motako xakean Euskal Herriko oraingo txapelduna da.
Txapelketaren maila jaitsita zegoen; egia da. Txapelketa honek izan du lehenago partaidetza distiratsuagoa eta irabaztea meritu gehiagokoa zen orduan. Baina hori ez da Mikel Huergaren ardura. Bere lana da aurkezten direnak gainditzea eta kitto.
Eloaren arabera, Adrian Martinez Fernandez bizkaitarra zen arerio nagusia. Arrigorriagako Endroke xake taldean jokatzen du gazte honek (17 urte izanen ditu urtea amaitzean). Eloko 200 puntu inguru beherago Alain Prieto Aranguren bizkaitarra eta Luis David Jimenez Almeida iruindarra ageri ziren. Urruti eloan, baina kontuan hartzeko aurkariak. Gainontzekoak ez ziren gutxiestekoak, noski, baina ez ziren azaltzen faboritoen zerrendan.
Egiaren orduan, Mikel Huergak garbi erakutsi zuen zergatik zen txapelketako nazioarteko maisu bakarra. 10 partida irabazi zituen eta porrot bakarra jaso (Aritz Morante Rafael arabarraren aurka, gero ustekabea emanez hirugarren geratu zena).
Donibane Kirol Elkarteko Luis David Jimenez Almeidak txapelketa txukuna egin zuen, baina nolabait itsustu egin zuen azkeneko partidan. 1.828ko eloko Igor Fernandez-Rivera Ortiz bizkaitarraren aurka galdu zuen eta podiumean sartzeko aukera ere bai (laugarren geratu zen).
Joaquin Ramos Dominguez Antsoain Xake Klubeko jokalaria bederatzigarren postuan geratu zen, 6 puntuz. Oberenako Miguel Garjon Modregok hamabigarren bukatu zuen, 5’5 puntuz. Antsoain Xake Klubeko Axel Roviralta Montero hamabosgarren izan zen 4’5 puntuz.
Informazio gehiago eta txapelketaren historioa kontsulta daiteke atxikita dagoen dokumentuan.