TXIMISTA XAKEKO EUSKADIKO TALDEKAKO TXAPELKETA
(2018ko maiatzaren 13an, Bergaran).
Partidak Bergarako Agorrosin Kirol Gunean (Gipuzkoa) jokatu ziren, igande arratsaldean. 5 minutuko partidak izan ziren eta lau mahaitan jokatu ziren neurketak.
AZKENEKO SAILKAPENA
1) Sestao Bizkaialde (Bizkaia) – 42 puntu.
2) Antsoain (Nafarroa) – 28,5 puntu.
3) Endroke (Arrigorriaga, Bizkaia) – 25,5 puntu.
4) Oberena (Iruñea, Nafarroa) – 25 puntu.
5) Abadiño (Bizkaia) – 23,5 puntu.
6) Barakaldo (Bizkaia) – 23 puntu.
7) Martintxo (Gasteiz, Araba) – 23 puntu.
8) Arrasate (Gipuzkoa) – 21,5 puntu.
9) Mikel Gurea (Burlata, Nafarroa) – 20,5 puntu.
10) San Viator (Gasteiz, Araba) – 19 puntu.
11) B. Gorbea (Gasteiz, Araba) – 10,5 puntu.
12) Bergara (Gipuzkoa) – 2 puntu.
ANTSOAINEN BIGARREN POSTUA, ARRAKASTAREN ZAPOREKOA
Sestaok oso talde indartsua eraman zuen txapelketara eta gainontzeko taldeek jai izan zuten bere aldean.
Antsoainek beste liga bat jokatu zuen eta horretan, bai, irabazi zuen. Bigarren postuak arrakastaren zaporea dauka.
Mikel Huerga Leache, Axel Roviralta Montero eta Alvaro Garisoain Ardanaz ohiko jokalariez gain, Joaquin Ramos Dominguezen laguntza izan zuen Antsoainek. Honek 2.099ko eloa dauka eta eskertzekoa izanen zuen taldeak bere parte hartzea.
Oberenak errepikatu zuen iazko laugarren postua. Jesus Javier Cortes Buenok, Miguel Garjon Modregok, Cesareo Arrese-Igor Sanchezek eta Mariano De Pablos Fernandezek nahiko talde fidagarria osatzen dute. Podiumean sartzeko aukera izan zuten, baina bederatzigarren txandan 4-0 galdu zuten Martintxoren aurka eta hori zama gehiegi izan zen onerako. Puntu erdiarengatik geratu zen Endrokeren atzetik.
Mikel Gureak bukaera ona izan zuen: 12tik 10,5 puntu, azkeneko hiru txandetan. Baina aurreko zortzietan 10 puntu besterik ez zituen pilatuta. Bederatzigarren postuan bukatu zuen. Sergio Anguas Fanlo, Angel Vilchez Gonzalez, Mikel Razkin Fraile eta Oier Irujo Compains izan ziren bere jokalariak.