AJEDREZ Hace 7 años

Daniel Roldán Marqués, Xake Azkarreko Banakako Nafarroako Txapelketan

Daniel Roldán Marqués, Xake Azkarreko Banakako Nafarroako Txapelketan

DANIEL ROLDANEK BERRIZ TUTERARA ERAMAN ZUEN TITULUA

 

Iaz, Ainhoa eta Iñigo Ortin Blanco izan zituen aurretik; aurten, denak gainditu ditu Daniel Roldan Marquesek.

 

Daniel Roldan Marques tuterarrak 17 urte izanen ditu urte bukaeran. Dagoeneko xake azkarreko Nafarroako txapeldun bihurtu da.

 

Bere kalitatearen berri aurretik emana zuen, ez alferrik 2.170eko eloa baitauka. Txapelketa honetan Nafarroako eliteko batzuk falta ziren, baina protagonismo handia izan duten edo edukiko duten aurkariak izan ditu parez pare. Ia denek amore eman dute bere aurrean. Aimer Del Carmen Hernandez, Leyre Abrisqueta Zudaire eta Axel Roviralta Montero, txapelketako hasieran. Bi berdinketa etorri ziren gero, Pedro Viñal Gutierrezekin eta Alex Pedchenkorekin (amaieran bigarren eta hirugarren geratu ziren). Ondoren, Cristian Atipov Hadzhiev, bere arreba Marta Roldan Marques eta Rafael Ruiz Escobar izan ziren berak garaitutakoak. Zerrenda hori ez da edonolakoa, baina zortzitik zazpi puntu eskuratu zituen Daniel Roldanek.

 

Pedro Viñal Gutierrez zen parte hartzaileen artean txapelketa honetan aurretik izandako txapeldun bakarra. Bigarren geratzea lortu zuen, bost garaipen eta hiru berdinketekin (Adolfo Ruiz Anton, Daniel Roldan eta Alex Pedchenkoren aurka). Nahiko estutu zuen Daniel Roldan, adinean aurrera joan arren oraindik oso lehiakorra dela garbi utzita.

 

Alex Pedchenko Mikel Gureako jokalaria izan zen, 13 urterekin, belaunaldi gazte indartsuaren ordezkaririk gorena. Besteak atzean uztea lortu zuen, hirugarren geratuta. Ez da meritu makala, oso jokalari prestatuak baitira denak.

 

Marta Roldan Marques izan zen txapelketako ustekabea. Nafarroako Banakako Txapelketan distirarik gabe aritu ondoren, bosgarren postua lortu zuen honetan, goiko mahaietan beti ibili ondoren.

 

Axel Roviralta Monterok, ordea, alderantzizko aurpegia erakutsi zuen. Seigarren zerrendaburuak, 4 partidatan 2’5 puntu lortuta amaitu zuen goiza, baina arratsaldean hondoratu zen. 3’5 puntuz, 17. tokian geratu zen.

 

Torneoari buruzko informazio gehiago kontsulta daiteke atxikita dagoen dokumentuan

📄 Documentos relacionados