Jokalariak bi multzotan antolatzen direnean, bakoitzaren eloa hartzen da kontuan. Hori ez da nahikoa oreka mantentzeko, benetan denak joko aretoan agertu izana kontuan hartu beharko litzateke. Bestela, jokalari guztien baldintzak ez dira berdinak. B multzoko jokalariek errazagoa izan zuten postu ona lortzea (hori bai, hiru aldiz jokatu gabe geratzearen truke).
Gorabehera horiek ez dira garrantzitsuak lehenengo postuetarako. Hor kalitateak eta egun onak erabakitzen dute. Berriz, xake azkarreko txapelketan bezala, honetan ere, Daniel Roldan Marques Tuterako Santa Ana taldeko jokalaria maisu izan zen. Titulurako kanporaketetarako erraz sailkatu zen eta une erabakigarrian Juan Labiano Hernandez eta Miguel Argaya Urdaniz gainditzeko gai izan zen.
Miguel Argayak ere badu gaitasuna 5 minutuko partidetan ongi geratzeko, baina bere kirol bizitza irregularra izan da orain arte. Txapelketa honetan ongi ibili zen eta bigarren postua izan zuen saritzat.
Miguel Garjon Modregok zortzigarren eloa zeukan agertu ziren jokalarien artean. Beraz, bere hirugarren postua arrakastatzat jo daiteke. Gainera, oso erraz, sailkatu zen titulurako kanporaketetarako.
Juan Labiano Hernandez 14 urte inguruko gazteak ez zuen izutzeko moduko elorik (1.767, kontuan hartzekoa, bai), baina jakinekoa zen azkeneko torneoetan erakutsia zuela onenekin lehiatzeko gai zela. Beraz, bere laugarren postuak ez zuen inor harritu. Izar baten jaiotzaren lekuko izaten ari gara?
Sergio Navarrete Delgadorentzat izan zen bosgarren postua. Gorabehera gutxiko jokalaria izanda, ia porrot txikitzat jo daiteke postu hau (elo gehien zuen jokalaria zen). Dena den, azkarretan edozein gauza gerta daiteke eta bosgarren postua ez da txarra. Gainera, titulurako borrokatik kanpo geratu zen sailkatu zirenekin puntutan berdinduta.
Alex Pedchenkok, bere seigarren postuarekin, eliteko jokalaria dela erakutsi zuen berriro, nahiz eta 25 minutuko txapelketan podiumean sartzea lortu zuen eta orain ez.
Rafael Ruiz Escobar eta Pedro Viñal Gutierrez superbeteranoek espero baino gutxiago egin zuten. Ez da harritzekoa, erritmo mota hau txarrena baita behin adinean sartuta. Hala ere, harrigarria izan zen Pedro Viñalen hamabigarren postua, hain jokalari fidagarria izanik.
Aitor Huarte Zozayak ere huts egin zuen, baina bere multzoan hainbestekoa izan zen berdintasuna, postuak ia loteria baten antzera banatu zirela. Andres Malon Insausti iaz hirugarren sailkatu zen; aurten, podiumetik urruti geratu da (hamaikagarren).
Txapelketari buruzko informazio gehiago kontsulta daiteke atxikita dagoen dokumentuan