NAFARROAKO TALDEKAKO XAKE TXAPELKETA
(2018ko urriaren 13tik azaroaren 24ra jokatua)
OHOREZKO MAILA (LEHEN, MAILA NAGUSIA)
SAILKAPENA
1) Donibane A (Iruñea) – 43 puntu.
2) Orvina A (Iruñea) – 40,5 puntu.
3) Antsoain A – 36 puntu.
4) Oberena A (Iruñea) – 33 puntu.
5) Santa Ana A (Tutera) – 22 puntu.
6) Paz de Ziganda (Atarrabia) – 21 puntu.
7) Runa (Iruñea) – 17 puntu.
8) Mikel Deuna (Burlata) – 10,5 puntu.
Nafarroako talde txapelduna: Donibane A (Iruñea). Lehenengo Mailara jaitsi den taldea: Mikel Deuna (Burlata).
DONIBANEK ETEN ZUEN ORVINAREN TXAPELKETEN BOLADA ETA MIKEL DEUNA ERRAZ JAITSI ZEN
Bost txapelketa jarraian irabaziak zituen Orvinak, baina noizbait bolada ona eten behar… Donibanek Marc Narciso Dublan Maisu Handi katalana fitxatzea erabakigarria izan zen (6,5 puntu eskuratu zituen). Roi Reinaldok aurreko denboraldian baino gutxiago jokatuta ere, bi partidatan lagundu zuen talde txapeldun berria.
Azkeneko txandara puntu eta erdi gutxiagorekin iritsi zen Orvina. Donibane zuen arerio, baina ezin izan zuen sailkapenean gainditu (3,5-4,5 irabazi zuen Donibanek).
Luis David Jimenez Almeida eta Borja Zamarbide Iñarrea ere garrantzitsuak izan ziren talde txapeldunean, puntu asko pilatu baitzituzten.
Antsoain geratu zen hirugarren, Oberena iazko ustekabea podiumetik kanpo utzita. Santa Ana indargabe ibili zen, aurreko denboraldietan baino okerrago. Bukaeran ibilbidea zertxobait zuzendu zuen, jaisteko arriskua erabat uxatzeko.
Mikel Deunak ez zuen aukerarik izan mailari eusteko. Paz de Ziganda eta Runa eroso ibili ziren, beldur handirik gabe.
LEHENENGO MAILA
SAILKAPENA
1) Mikel Gurea A (Burlata) – 31,5 puntu.
2) Oberena B (Iruñea) –31 puntu.
3) Santa Ana C (Tutera) – 21,5 puntu.
4) Orvina B (Iruñea) – 20,5 puntu.
5) Oberena C (Iruñea) – 18,5 puntu.
6) Arrano Elkartea (Iruñea) – 16 puntu.
7) Santa Ana B (Tutera) – 15,5 puntu.
8) Donibane B (Iruñea) – 13,5 puntu.
Lehenengo Mailako txapelduna eta Ohorezko Mailara igo dena: Mikel Gurea A (Burlata). Bigarren Mailara jaitsi dena: Donibane B (Iruñea).
MIKEL GUREAK GAINDITU ZUEN OBERENA B-KO GAZTE BELAUNALDI BERRIA
Oberena B aurreikusten zen txapeldun moduan, belaunaldi gaztearen indarra dela eta, baina aurreikuspen horrek huts egin zuen, Mikel Gurea ere oso talde sendoa delako, eta gainera eskarmentu handia duena.
Tuterako taldeak izan ziren hasierako bide arrakastatsua moztu ziotenak Oberena B-ri (Santa Ana C-k 3,5-2,5 irabazi zion Tuteran eta Santa Ana B-k 2 puntu egin zizkion gero). Gauzak horrela, 4,5 puntu lortu behar zituen Mikel Gurearen aurka, azkeneko txandan. 4-2ko garaipena eskuratu zuen, baina ez zen aski izan.
Mikel Gurea apal hasi zen (4-2, Arranoren aurka), baina gero hurrengo 30 puntuetatik 25,5 patrikaratu zituen. Horrek ahalbidetu zion 2,5 puntuko abantailaz iristea azkeneko neurketara. Oberena B sailkapena iraultzear egon zen, baina 4-2 izan zen azkeneko emaitza. Bi puntu horiek titulua eta igoera eman zizkioten Mikel Gureari.
Jaisteko borroka Donibane B, Santa Ana B eta Arrano Elkartearen artean izan zen. Arrano Elkartea txapelketaren zatirik handiena eman zuen azkeneko postuan, baina gero aurkari zuzenen kontrako lehia zuzenak iritsi ziren eta hor salbatu zuen bere burua.
Donibane B-k ongi hasi zuen txapelketa (18 partidatan 8 puntu, lehenengo hiru txandetan). Gero, Santa Ana B-ren aurka 4-2 galdu zuen eta talde oilarren aurka hondoratu zen (0-6 eta Mikel Gurearen aurka eta 0,5-5,5 Oberena B-ren aurka). Arrano Elkartea modu argian gainditu behar zuen azkeneko txandan mailari eusteko (1,5-4,5, gutxienez). Ez zuen lortu. Berdinketak Bigarren Mailara bidali zuen.
Santa Ana C-k, Orvina B-k eta Oberena C-k txapelketa lasaia egin zuten. Igotzeko aukera laster joan zitzaien, baina jaisteko arriskua urruti izan zuten beti.
Lehenengo Mailan Mikel Gurearen seigarren titulua da 1994-95eko denboralditik. Orvina utzi du atzetik, honek 5 titulu baititu epe horretan.
BIGARREN MAILA
SAILKAPENA
1) Mikel Gurea B (Burlata)– 21,5 puntu.
2) Santa Ana D (Tutera) – 21,5 puntu.
3) Antsoain B – 19,5 puntu.
4) Oberena D (Iruñea) – 18 puntu.
5) Oberena E (Iruñea) – 16,5 puntu.
6) Mikel Gurea C (Burlata) – 16 puntu.
7) Oberena G (Iruñea) – 13,5 puntu.
8) Gazte Berriak (Antsoain) – 13 puntu.
9) Oberena F (Iruñea) – 12,5 puntu.
10) Mikel Gurea D (Burlata) – 11,5 puntu.
11) Orvina C (Iruñea) – 11 puntu.
12) Donibane C (Iruñea) – 9 puntu.
13) Mikel Gurea E (Burlata) – 9 puntu.
Bigarren Mailako txapeldun eta Lehenengo Mailara igo dena: Mikel Gurea B (Burlata).
MIKEL GUREA B ETA SANTA ANA D NOR BAINO NOR GEHIAGO IBILI ZIREN
Mikel Gurea B eta Santa Ana D taldeen arteko lehia izan zen Lehenengo Mailara igotzeko. Antsoain B ez zen urruti ibili, baina hirugarren bukatu zuen, bi puntura. Bosgarren txandan, Mikel Gurea B-k 2,5-1,5 irabazi zion Tuterako taldeari eta hori erabakigarria izan zen. Sailkapenean puntu bateko abantaila hartuta, azkenera arte eutsi zion lehenengo postuari, ozta-ozta izan bazen ere. Adrian Oroz Carrasco (6 puntu) eta Iñigo Ayucar Nuñez (6,5 puntu) izan ziren talde txapelduneko jokalaririk onenak.
Informazio gehiago erantsitako dokumentuan