KICKBOXING Hace 16 años

José Vicente Eguzkizari elkarrizketa, Nafarroako Kickboxing Federazioko lehendakaria.

"Xedea da kirolariak aintzat hartzea"

José Vicente Eguzkizari elkarrizketa, Nafarroako Kickboxing Federazioko lehendakaria.
"Xedea da kirolariak aintzat hartzea"

"Xedea da kirolariak aintzat hartzea"

50 urte bete ditu duela gutxi eta bere ibilbidean 7 munduko txapelketa eta Europako beste 4 zenbat daitezke. Hala eta guztiz ere, José Vicente Eguzkizaren iritziz, jomuga handiegiak ezartzea akatsa da; horrexegatik, pausorik pauso dihardu federazioaren gidaritzan. 

 1.- Nola dago kickboxing-a Nafarroan?

Arlo honetan 25 urte badaramatzat ere, beti kirol berria bailitzan ikusten dela iruditzen zait. Dena dela hori aldatuz doa: gazteriak badu nolabaiteko kultura gaiari buruz, jarduera ezagutzen du, bai eta modalitateak ere. Federatuen kopurua handitzea, aldiz, zaila da. Jendeari kosta egiten zaio lizentzia ordaintzea eta nahiago du federatu gabe praktikatu; hala, inoiz ez dugu jakinen benetan zenbat kirolari garen.  

2.- Zein da kickboxing-ak Nafarroan duen maila?

Praktikatzen dutenei eta lizentzien kopuruari dagokionez, oso ona da. Oso jende ona dugu ia kategoria guztietan. Joan zen urtean, esaterako, Kanku klub nafarra Estatuko klub onena izendatu zuten.  

3.- Zein kirolari nabarmenduko zenituzke gure erkidegoan?

Gainerakoak gutxietsi gabe, aurtengoa Jari Erdozainen urtea izan da. Nazio mailan oso borroka onak egin ditu, bere kategorian onenak zirenei irabaziz; gainera, Austrian egindako Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen, eta horrek ateak zabaldu dizkio borroka kirolen lehen joko olinpikoetara joateko. Horiek Beijingen (Txina) eginen dira, abuztuaren amaieran.

Gero Olivier Thinda dago, erdi mailako pisuan (75-80 kg) oraindik ere Estatuko onena dena. Aitor Eguzkizak laugarren aldiz defendatu du WAKO-ren (Kickboxing-eko Erakundeen Munduko Elkartea) Europako titulua.

Era berean, maila horietan ez badaude ere, maila handia dutenak ere badira, esaterako, Iñaki Azkarate, Mikel Moreno edo Julio Vargas.

 4.- Lehiaketarik bada Nafarroan?

Hainbat herritan gau-emanaldiak egiten dira, hala nola, Altsasun, Irurtzunen edo Tafallan. Egiazki, gau-emanaldi bat baino gehiago dira, izan ere Nafarroan pisu bakoitzean onenak direnak ezagutzeko aukera ematen dute, eta horiexek dira Espainiako txapelketetan ordezkatuko gaituztenak.

Hiru kategoria ditugu; C, B eta A. A kategoriakoak “lehen ezpatariak” dira (Jari, Aitor, Olivier, Iñaki, Mikel eta Julio); maila bat beherago B kategoriakoak daude (Espainiako txapelketara joateko norgehiagokan aritzen direnak), eta azkenik, C-koak, 15 borroka arte egin dituztenak.

5.-Zein iruditzen zaizu adinik egokiena kirol honetan hasteko?

Egokiena da gazte-gaztetatik hastea, 8 edo 9 urterekin, kirol honen teknika eta oinarriak ongi barneratzeko. Horrek ez du esan nahi behar-beharrezkoa denik, izan ere badira askoz ere beranduago hasi eta maila handienetara heldu direnak.

Borrokatzen beranduago hasten dira, 16 urterekin, gutxi gorabehera.

6.- Lehiaketara bideratutako kirola da ala kiroltasun hutsagatik egin daiteke?

Bai. Nik esanen nuke praktikatzen dutenen %80 edo 90ak sasoi onean egoteagatik egiten duela, edo estetikaren aldetik gustuko duelako, edota babesten ikasi nahi duelako.

7.- Ogibidetzat har daiteke?

Oso zaila da. Horretarako Japoniako zirkuituan sartu beharko zenuke, eta horrek dakar dena uztea eta soilik horretan aritzea. Gaur egun ia gehienek karrera edo lanpostua dute, eta horri guztiari uko egitea oso erabaki zaila da, ez baitakizu nola joanen zaizun.  

8.- Zergatik dago hainbeste elkarte borroka-kirolen munduan?

Hori oso arazo larria dugu. Uler nazazun adibide bat emanen dizut: kirolaria bazara eta marka bat baduzu, zure modalitateko sailkapenean postu bat izanen duzu. Hala, 2,30 metroko saltoa egiten baduzu, munduko hamargarrena izanen zara. Gure kirolean bada metroa hartu eta txikiago egiten duena. Nola, baina? Lau lagunen artean elkarte bat eratzen dute eta txapelketa bat antolatzen. Gero, hau edo beste hura elkarte horretako munduko txapelduna dela esaten dute. Hori horrela, elkarteak adina txapeldun daude.   

9.- Espainian antzeko zerbait gertatzen da, ezta?

Lehenik eta behin esanen dizut mundu mailan dagoen elkarterik garrantzitsuena WAKO dela (90 lurralde biltzen ditu). Garai batean Espainiako Federazioa erakunde horretan zegoen, baina haren lehendakariak egindako kudeaketa “egokiari” esker handik atera zen.   

Gaur egun, estatuan bi jarrera daude: batetik, lehengo lehendakariarena eta eskualdeko lauzpabost federazio txikiena, eta bestetik gurea, WAKO-k aitortutako federazio nagusietatik zazpik onartzen duguna.

10.- Aurkakorik al duzue kirol gogorra eta kontaktuzkoa dela dioena?

Halakorik badela uste dut, baina ez bakarrik kickboxing-ean, baizik eta oro har borroka-arte guztietan. Nolabaiteko beldurra nabari dut gizartean; uste dut diskotekako harroputzekin erlazionatzen gaituztela.

11.- Zenbaterainoko kaltea eragiten diete akziozko filmek kirol hauei?

Oro har, handia. Film horietan proiektatzen den irudi erasokorra ez da egokia, harroputz asko dago. Azken aldian asko dira gutxieneko titulaziorik gabe eskolak ematen ari direnak; kolpeak ematen besterik ez dakite, eta kirol honetan haratago joan behar da. Ez dakite zer nolako ondorioak izan ditzakeen titulaziorik gabe eskolak emateak.

Guk seriotasuna, maila transmititu nahi ditugu. Ez da bakarrik eskolak ematea, etengabe birziklatu beharra dago eta une bakoitzean zer egin behar den jakin behar da (lesioen, zorabioen eta abarren aurrean). Nik neuk astean bitan eskolak ematen ditut. Irakasle naizen aldetik nire erantzukizun nagusia da nire ikasleei heziketarik onena ematea, eta horretarako, eguneratua egon behar dut, fisikoki nahiz teknikoki.

Dena dela, baliteke baten bat kickboxing-a egiten hastea Van Damme ikusi ondoren!

12.-  Zein dira federazioaren aurtengo helburuak?

Helburu nagusia litzateke gau-emanaldi handiak berriro ere antolatzen hastea, izan ere, azken aldi honetan krisiaren eragina jasan dute.

Kirolaren arloan, jendea dagokion mailan kokatzen joatea litzateke xedea; Aitorrek azaroan munduko txapelketan parte hartzea, Jarik, nahiz eta zaila izan, lan ona egitea Txinan, eta abar.  

13.- Zer eskatzen diozu etorkizunean Nafarroako kickboxing-ari?

Niretzat garrantzitsuena da kirolariak aintzat hartzea, egiten duten lana aitortzea, maila gorenean egoteak eskatzen duen sakrifizioa ezagutzera ematea.  

Era berean, interesgarria izanen litzateke beste udal batzuei Burlatako Udalak sustatutako eta diruz lagundutako jarduera aitzindaria proposatzea: 10 eta 14 urte bitarteko haurrentzako eskola bat. Nik lokala eta irakasleak jarriko nituzke, eta haurrek matrikula txiki bat ordainduko lukete. Hala, haurrek kirola ikasiko lukete eta horrek kirolari-harrobia eratzen lagunduko liguke.

 Eta ziurrenik eskola horretan kickboxing-ean oinarrizkoa den eta eguneroko bizitzan ere lagunduko dien araua ikasiko dute: egoerei aurre egiten.

 

                                                              Josetxo Rubio