KICKBOXING Hace 14 años

Aitor Eguzkizari elkarrizketa

Aitor Eguzkizari elkarrizketa

Astebete eskas falta da Michele Iezzi txapeldun italiarraren aurka borrokatzeko, eta Iezziri irabazteak kickboxingaren gailurrera eraman dezake. Aitor Eguzkizak, gaur egungo Europako txapeldunak eta munduko txapeldungaiak, gertakari garrantzitsu honen aurrean dituen sentsazioen berri eman digu. 

Aitor Eguzkiza, kickboxingeko munduko txapeldungaia:

•    “Iezzik Interneten zituen irudi guztiak ezabatu ditu, ziurrenik arrastorik ez uzteko eta etortzen denean ezustekoa emateko”.

•    “Ikusleen babesa nabaritzen da, bereziki apalago zabiltzanean, aurrera egiteko indarra ematen baitizu”.

•    “Ez daukat inolako maniarik borrokatu baino lehen, baina oso urduria naizenez, ez naiz geldirik egoten”.


1. Zenbat denbora daramazu une honen zain?  

Nolabait esateko, bizitza osoa; izan ere, bilakaera bat besterik ez da, kirolaren munduan egindako ibilbidearen ondorioa. Gainera, Europako titulua hainbatetan defendatu ondoren, aurreikusten zen, ezta?

2. Zer nolako garrantzia du zuretzat munduko txapelketak, urte luzez Europako txapeldun izan ondoren?   

Batetik, oso pozik nago, izan ere aurrerapauso bat da; baina bestetik, argi izan behar dut beste borroka bat dela, ez baitu merezi hainbesterainoko presioa sentitzea. 

3. Zer moduz zabiltza forma aldetik?  

Nahiko ongi, nik uste. Asko entrenatu dugu, baina kantitatearen aldetik egiteaz gain, kalitateari dagokionez ere entrenamenduak oso onak izan dira.

4.  Nolakoak izan dira entrenamenduak borrokarako prestatzerakoan? 

Tira, batetik, iraupena hobetzen laguntzeko prestatu gara, bereziki lasterketen bidez, serieen bidez… eta, bestetik, gimnasioan ere entrenatu dugu, teknikari arreta handiagoa jarriz.

5. Azken horri dagokionez, zer da zehazki lantzen dena? 

Batetik, erabiliko dituzun kolpeen iraupena eta, bestetik, ringean erabil ditzakezun estrategiak, taktikak.

6.  Aurkaria ezagutzen al duzu?

Horixe da borrokak duen alderdi zailenetariko bat. Bideo batean ikusi genuen aspaldi, baina gero guztiz desagertu da Internetetik. Bere irudi guztiak ezabatu ditu, arrastorik ez uzteko, nik uste, eta etortzen denean ezustekoa emateko.

7. Horrelako “amarruak” ohikoak al dira kirol honetan? 

Bai (barre egiten du). Neuk ere behin baino gehiagotan egin izan ditut halakoak. Kontua da Youtuben dauden bideoek informazio asko ematen dutela aurkariari buruz.

8. Hortaz, ba al dakizu zerbait hari buruz, haren ezaugarriei buruz? 

Askorik ez, egia esan. Badakit eskuina dela eta ni baino altuagoa, hortaz, distantzian indartsua izanen da; baina hori besterik ez dakit.

9. Eta, zer nolako borroka espero duzu? Nola uste duzu joanen dela?   

Lehen round-etan probatzen joan beharko dut, nola erantzuten duen ikusi, ahulgunea non duen ikusi, eta borroka horren arabera egin.  

10.   Estrategia planteatzeari dagokionez, zer aldatzen da ringaren gainean jokoan dagoena munduko txapelketa denean? 

Tira, titulua duzunean titulu hori mantentzeko presioa duzu, eta izangaia zarenean, hori lortzekoa. Baina nire kasuan, alderik ez dago; hau da, borroka berdin-berdin prestatzen dut. Beste borroka bat dela badakit, eta zera egiten dut: aurkariarengan zentratu eta borroka landu.

11. Nolakoa izanen da ikusleen erantzuna, zure ustez? Aretoa betetzea espero duzu? 

Bai. Ikusleek ez dute huts eginen, nik uste. Mugimendua nabari da.

12.  Zenbateraino nabaritzen da jendearen babesa ringaren gainean? 


Asko, asko. Bereziki apalago zabiltzanean, aurrera egiteko laguntza ematen baitizu.

13. Zuretzat ardura handiagoa al da jakitea orain jantzi nahi duzun gerrikoa zure aitak ere jantzi zuela? 


Bai, horrek badu eragina, baina betiere oso modu positiboan; berak duen esperientzia handiaren aldetik, jakina.


14.   Borrokari aurre egiteko aholkurik eman dizu?

Ezer berezirik ez, beste borroka batzuetarako aholkatzen ez didan ezer. Agian, lan handiagoa egin dugu entrenamenduan, baina horrek ez du esan nahi beste borroka batzuen entrenamenduetan baino gehiago sakondu dugunik. Azken finean, aholkuak berdinak izaten dira beti: egin beharrekoa ongi egin.

15.  Maniarik al duzu ringera igo baino lehen? 

Ez, ez. Egia esan, ez. Tira, oso urduria naiz, horrexegatik –ez dakit mania deitzen ahal zaion– ez naiz geldirik egoten (barre egiten du). Baina ez daukat inolako maniarik.


16. Nola ospatuko duzu titulua? Norbaiti eskainiko diozu?  

Ez dakit. Gertatu arte itxaron beharko dugu eta zer bururatzen zaidan ikusi.