MENDI TOUR, Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria, Iruñeko Golem Baiona zinemetan aurkeztuko da 2024ko denboraldia hasi berritan. Otsailaren 5 6-7-8an, MENDI TOUR PAMPLONA/IRUÑAk bere 9. edizioa ospatuko du, Nafarroako hiriburuan. Saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin eta berrienarekin gozatuko dute beste behin.
Alpinismoa, eskalada, mendi lasterketak, xenda-zaletasuna, ur lasterretako kayaka, muturreko eskia, high-lineak, itsas nabigazioa eta esplorazio gaiak jorratzen dituzten 12 film proiektatuko dira. Guztiak, 2023ko abenduko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian sarituak eta hautatuak izan ziren filmak. Hango Palmaresean ageri diren 13 sarietatik 8 daude ordezkatuta Iruñeako programazioan. Gidoi landuak, argazki bikainak, ikuslea abenturan murgiltzen duten soinu-bandak… kalitate oneneko zinema, bogan dagoen genero honetako zuzendari onenen eskutik.
Zinema-saio hauek gomendagarriak dira mendizaleentzat, zinema dokumentala maite dutenentzat eta, orobat, publiko zabalarentzat.
Bi saio eskainiko dira eguneko (17: 30ean eta 20: 00etan), bietan programazio berarekin. Sarrerak Golem.es eta mendifilmfestival.com webguneetan eros daitezke, baita leihatilan ere.
Mendi Film Festival elkarteak eta Golem Zinemek elkarlanean antolatzen dute ekitaldia, EITB komunikazio taldearen babesarekin, eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren eta Skymetraje jaialdiaren laguntzarekin.
MENDI TOUR 2024 GOLEM BAIONA
Aipatzekoa da "The Great White Whale" filma, Michael Dillon zinemagile australiarrarentzat Sari Nagusia eta zuzendaritza onenaren saria Bilbon. Australiako mendirik garaiena eta bakartiena, Big Ben izenekoa, eskalatzeko ametsa duten mendizale eta marinelen istorio epiko eta inspiratzailea da.
"Rope" Kazuya Hiraide protagonista eta alpinista japoniarrak aurkeztu zuen nazioarteko estreinaldian Bilbon, eta alpinismoko film onenaren saria jaso zuen, baita soinu-banda onenarena ere, Eiko Ishibashi konpositore japoniarrak konposatua.
"Carne et Ossa" filmak gidoi onenaren eta kultura eta naturako film onenaren sariak jaso zituen. Mendi Filmeko ikusleek harrera beroa egin zioten Roberto Zazzara zuzendari italiarraren film zirraragarriari, eta hainbat sariak jaso izan ditu bai mendiko zinema-jaialdietan, bai izaera sozial eta kulturaleko jaialdietan.
Azpimarratzekoa da, baita ere, MENDI TOUR honek duen kutsu nafarra. "212 Mountains" filma Iruñean estreinatuko da, otsailaren 7an, asteazkena, Luis Arrieta zuzendaria ("Mendiak 1976") eta bere protagonista, Xabier Zarranz mendi lasterkari ezaguna, Irunberrin bizi den barañaindarra, bertan direla.
Aski ezaguna den beste nafar bat, Mikel Zabalza alpinista eta eskalatzailea, egun horretako aurkezpenetara batuko da, Jean-Michel Jordá zuzendariaren "Everest Invaders. Asalto a la más papelera más alta del mundo" pelikulako protagonistetako bat izaki.