Nafarroako Gobernuak, irailaren 7an egin zuen bileran, foru dekretu bat onetsi du bideen antolaketari, seinaleei, homologazioari, kontserbazioari eta baimenari loturiko baldintzak arautzen dituena. Bide horiek Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bideen Sarea izeneko baten parte egingo dira.
Bideak erabilera publikoko kirol bide bihurtuko dira foru dekretuan aurreikusitako homologazio eta baimen prozeduraren bidez. Hortaz, Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bideen Sarean eta Nafarroako Kirol Bideen Erregistroan gehituko dira.
Foru Erkidegoko kirol administrazioa Nafarroako erabilera publikoko kirol bideen arloan eskuduna izango da. Administrazio horri dagokio kirola egiteko mendi-ibilien zaletasuna sustatzea, mota guztietako bideak (GR, PR, TI) baimentzea, bideen alorrean eskudunak diren beste organo batzuk burutzen dituzten jarduerak koordinatzea behar denean, kirol bideen homologazioa eta baimena baliogabetzea baldintza egokiak bete ezean, eta erabilera publikoko kirol bideak erregistratzea.
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen egitekoak bideak homologatzea eta baimendutako bideak aldatuz gero nahitaezko txosten loteslea egitea dira. Horrez gain, kirol administrazioari jakinarazi beharko dizkio bideen kontserbazioari eta mantenimenduari buruz dakizkien gorabeherak.
Nafarroako erabilera publikoko kirol bideak homologatu eta baimentzeko prozedura hasteko sustatzaileak eskaera egin beharko du Nafarroako Foru Erkidegoko kirol administrazioan, edo administrazioak ofizioz has dezake prozedura.
DEKRETUA IKUSI
bideoa ikusi