- Nafar palistak zazpigarren aldiz irabazi du Sellaren jaitsiera Eva Barriosekin
Pandemia dela eta, bi urtez bertan behera utzi ondoren, ontziak Sellako uretan behera jaitsi ziren 84. edizioan. Amaia Osaba Olaberrik, Eva Barrios Marcos zamoranak lagunduta, K2 kategoriako garaipena lortu zuen berriro.
Ribadesellako zubiaren azpitik igaro ziren biak, 1:20:04,9 minutuan, Lugoko Tania Fernández Garcíak eta O Groveko Tania Álvarez Yatesek osatutako bikote galiziarra baino minutu bat lehenago.
Renata Csay eta Zsofia Cellai-Vorosek osatutako bikote hungariarra hirugarren izan zen (1:21:18,1).
Zazpigarren garaipena da hau, hirugarrena Eva Barriosekin, Iruñea Piraguismo Klubeko palistarentzat, Sellaren jaitsiera klasikoan. Aurten, probak hamabost herrialdetako 1.070 palista bildu ditu 769 ontzitan.