Íñigo Zunzarren Elverdin-ek Espainiako Taekwondo Selekzioaren “stage” batean parte hartu zuen uztailaren 7tik 14ra, Murtziako Goi Errendimenduko Zentroan. Bertan, datorren urrian ospatuko den Koreako Munduko Txapelketarako talde nazionalaren zerrenda osatu zen.
Donibane Kirol Elkarteko lehiakideak oso balorazio positiboa egin zuen Murtzian egindako egonaldiaz. Bertan, senior mailako kirolariak eta juniorrak elkarrekin entrenatzen egon ziren.
Munduko txapelketarako zerrendari dagokionez, Iñigok honakoa esan du: "Espainiako Taekwondo Federazioak, azkenean, ez du inolako aurre-selekziorik egin, eta Espainiako Txapelketan urrea lortu zutenak zuzenean eramango dituzte".
Horrek, estatuko txapelketako finalaren garapen "estranbotikoaren" ostean, aukerarik gabe utzi zuen nafarra. Dena den, harro zegoen Murtzian egoteaz, eta horrek atea ireki diezaioke beste konpromiso batzuetara joateko: "selekzioak deitzea beti da garrantzitsua; gainera, aukera irekitzen du 21 urtez azpiko Europako Txapelketara edo Juniorren Nazioarteko Gran Prixera deituak eraman gaitzaten".
Espero dezagun hala izatea. Orain deskantsatzera eta datorren denboraldia ondo planteatzera, bermeekin aurre egiteko.